• eskatu aurrekontua

    Argibideak behar badituzu edo gurekin harremanetan jarri nahi baduzu, sakatu hemen.

KOLOREEN ESANAHIA

microcemento & cemento pulido

Gure etxeaz hitz egiten dugunean seguruenik ez dugu pentsatzen zer materialekin dagoen eraikia. Logikoa da. Eta, halere, hor daude eta guk uste baino rol garrantzitsuagoa betetzen dute...

Kolorea zergatik da faktore gero eta garrantzitsuagoa gure obra eta eraikuntzetan?

Iñaki Asirón

Kasu gehienetan, gure etxeaz hitz egiten digutenean sentimenduak, oroitzapenak, bizipenak... etortzen zaizkigu gogora. Gehienak oso positiboak dira edo harreman zuzena dute erosotasuneko, berotasuneko, maitasuneko, familiako... sentipenekin. Beharbada ez dakizu edo ez diozu garrantzirik ematen, baina zirrara horietan guztietan koloreak eragiten du.

Horregatik, lagundu nahi dizugu jakin dezazun zer balio lotzen diren tonalitate bakoitzarekin eta, indar horiek direla medio, zer toki dagokien bizigune berdingabea lortzeko: zure etxea. Nahi duzu gurekin etorri?

Berdea. Lasaigarria, freskoa, abegikorra. Naturako errege da, oihan eta belaien kolorea. Tonu argienek, gainera, baretasuna, baikortasuna, oreka eta alaitasuna transmititzen dituzte. Horregatik, kolore ideala da atsedeneko eta erlaxazioko tokietarako, adibidez, logeletarako.

Horia. Gaztetasunaren eta pozaren kolorea. Tonu horrekin apainduriko gelak modernoak, jai girokoak, garbiak dira. Beraz, aukera onena da eskailerak, atondoak edo pasabideak bezalako leku mugatuetarako. Halaber jangela, egongela eta ikasteko gelak margotzeko gomendatzen da. Kasu horretan, horia tonu laranja edo gorriekin konbinatzen badugu gelari baikortasun eta argitasun handiagoa emanen diogu eta, aldiz, berdeekin edo urdinekin nahastuta freskoagoa eginen dugu.

Kolore honen aldaera bat limoi-horia da. Aukera ideala da sukaldeetarako eta gazteen logeletarako, sormena eta buru argitasuna bultzatu eta, orobat, adimena pizten duelako.

Urdinak harmonia, lasaitasuna, itxaropena, ulermena... transmititzen ditu. Horregatik, aukera ona da logelak, liburutegiak, bulegoak... margotzeko. Horiek guztiak lasaitasuna behar duten tokiak dira. Haurren logeletan ere erabil daiteke kolore gorriekin eta laranjekin nahasita, nahasketa horrek osotasunari afektibotasun handia emanen diolako.

Zuria kolore guztien sintesia da. Xalotasuna eta bakea adierazten ditu eta kanpoko argia indartzen laguntzen duenez, zuriari esker gure gelak handiagoak direla ematen du. Gainera konbinatzen oso erraza da eta jadanik ez da kolore "zikintzat" jotzen, gaur egun "garbi daitezkeen pinturak" daudelako. Etxe osoan erabil daiteke, arazo berezirik gabe.

Laranja. Gorriaren eta horiaren arteko nahasketa honek gogoa, zoriontasuna, komunikazioa eta jakituria adierazten ditu. Laranjaren eta pistatxo kolorearen arteko konbinazioa oso alaia denez, hagitz ongi gelditzen da etxeko gazteenen jolaseko, ikasteko eta aisiako geletan. Sukaldean ere erabil daiteke gosea eta elikadura osasungarria bultzatzen dituela uste baita.

Gorriak pasioa eta energia adierazten ditu. Kolore beroa da, bizia, eta horregatik kontu handia izan behar da gorriaren konbinazioekin, oharkabean giro fin eta dotore batetik giro astun eta bortitz batera pasatzeko arriskua dagoelako. Horregatik, ez da inoiz erabili behar ez haurren geletan ez logeletan eta, nolanahi ere, dosifikatuta erabiltzea gomendatzen da. Gorria neurriz agertzen den egongela bat toki esklusibo eta interesgarria suerta daiteke.

Bukatzeko, bi ohar. Izokin koloreak abantaila paregabeak eskaintzen ditu, abegikorra, argitsua, beroa eta, aldi berean, dotorea baita. Dekoratzaileek eta arkitektoek oso gogoko duten tonua da, kategoria handiko giroak sortzen eta altzarien distribuzioko akatsak ezkutatzen lagun diezagukeelako.

Azkenik, arrosa kolore samurra, delikatua eta xaloa da. Arrosa erabiliz barneko eremu asko toki finak eta oso dotoreak bihur daitezke.

Aplitec ibilbide luzeko profesional egiaztatuek osatzen dugu eta atsegin handiz bilatuko dugu zure premiei erantzuten dien eta zuri hobekien egokitzen zaizun soluzioa. Galde iezaguzu konpromisorik gabe!